XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PROGRAMAZIOAK (ikasgelakoa, ikasmailakoa, ziklokoa, etab.).

Irakasleek, banaka edo taldean, beren klaseak emateko egiten duten plangintza jasotzen duten dokumentuekin osatzen da.

Programazio horiek aurreko dokumentuetan (OKD, IIP) onartutako erabakiekin koherenteak izan behar dute (haien konkrezio-maila progresibo bat inplikatzen baitute).

Erreformaren aurrikuspenetan kurrikuluaren oinarrizko egitura osatzen duten dokumentu horien ondoan, geratzen dira beste batzuk aurreko antolaketa-eredu espainiarrean ere bazeudenak.

Ikastetxe zenbaitetan nahiago dute oraindik horiek beren horretan (alegia dokumentu independente bezala) mantentzen jarraitzea, beste batzuei, aldiz, Hezkuntza-proiektuan edo Ikasketa-proiektuan txertatzea egokiagoa iruditzen zaien bitartean.

Honako hauek dira dokumentu horiek:

BARNE-ERREGIMENEKO ERREGELAMENDUA.

Zenbait kasutan, ikasleen eskubide eta betebeharren zerrenda huts batera murriztua geratzen zen dokumentu hau, eta jokabide batzuengatik zer zehapen eman behar zen zehazten zen zerrenda horretan.

Gaur egun eskubide eta betebeharren kode horrek araudi estandar bat dauka, eta araudi horretara makurtu behar izaten dute Ikastetxeek (sar dezakete, gainera, beste aldaketarik gabe beren Barne-Erregimeneko Erregelamenduan).

Hortik aurrera, Ikastetxe askok beren Barne-Erregimeneko Erregelamendua erabili ohi dute IHP eta IIP delakoen garapena eta beren urteko zehaztapenak errazteko balioko duten antolakuntzazko aurrikuspenak xehetzeko:

adibidez, nola antolatu behar diren kanporako irteerak, nola erabili behar diren Ikastetxearen baliabideak, nola artikulatuko diren gurasoen partaidetzari buruz hartutako erabakiak aurrera eramateko mekanismoak, ingurunearekiko lotura, etab.

URTEKO PLANA.

Ikasturtearen barruan garatu nahi diren IHP eta IIPren alderdi zehatzak zehazten dira plan honetan.

Hala IHP nola IIP horiek dokumentu kurrikularrak dira, eta hartutako erabakietan nahitaez izan beharko dute halako egonkortasun eta iraunkortasun bat.

Dokumentu horiek ezar dezakete, bestalde, nolabaiteko progresioren bat erabakitako puntu desberdinen garapenean.

Ikasturte baten plangintza jasotzen du Urteko Planak: dokumentu orokorretan markatutako lerroari jarraiki (dela horietan aurrikusita daudelako, dela behin-betirako Proiektuetan sartu baino lehen proban jarri nahi direlako, dela aurrikusi gabeko berrikuntzaren bat sartu nahi delako, etab.) ikasturte horretan aplikatu behar diren alderdi orokorrak.

URTEKO MEMORIA.

Ikasturte bakoitzaren bukaeran Ikastetxe bakoitzak bere Urteko Memoria egiten du.

Oinarrizko dokumentu bat da hori, eta are oinarrizkoagoa Erreformak planteatzen duen egoera berrian: aldaketa-prozesu orok (eta Erreformak hala beharko luke izan) etengabe zaintzen egotea eskatzen du martxan jarritako prozesuen garapena.

Ikuspegi honetatik begiratuta, Memoria ez da egindakoaren kontaketa bat bakarrik, baizik eta baita ikasturte bakoitzean emandako urratsen ebaluazio bat ere (IHP eta IIP mailan hartutako planteamenduekin duten koherentziaren eta lortutako irabazien ebaluazioa) eta igurikapenen plataforma bat, gainera, hurrengo Urteko Plana egituratzeko eta, baita, IHP eta IIP delakoetan egin behar diren doiketak egiteko ere.